XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Coblacari, cherpolari, erritar misherable, aitoren seme, jentil, azti ta casta ezverdin guztietaco jendillajearendaco moduco orri egalaria

Nahasmena. Orson Wellesek esana: Borgiatarren Italian, gerra, izua, pozoinketa eta odol isurketak nagusitu ziren 30 urtez. Baina Michelangelo, Leonardo da Vinci, eta Errenazimendu guztia sortu ziren. Aitzitik, Suitzan, bakean, demokrazian eta anaitasunean bizi izan dira 500 urtez. Eta zer sortu da? Kuku erlojua.

Eta hemen/ hauetan ere zer pasa da, ba, azken hilabeteotan? Ezer ez eta festa: IHESa EEBBetako laborategietan sortu zela jakin da, Galindoren eskuin-eskua narkotrafikoan nahasia, zipiak poltsikuak berotzen alkoholemi-ziztadekin, telefono mugikorren eta atake estadistikoen gehiegikeria, mundu-bukaeraren anuntzioak (Nostradamus txoroaren bertso ulertezinen interpreta-penak, Rabaneroaren propaganda itzela eta txolina -gurean bi Arantxak, Urretabizkaiak eta Iturbek, eta Jasone Osorok ederto kunplitu dutena; beste zer esanik ez ote emakumezko euskal idazleok?)...

Eta guk ez dakigu zer pentsatu, Borges sozial-faxista ala fazista-hutsa zen (eusko jatorriko euskalfobikoa bai, gutxienez, De Lancre bezala); ez dakigu zer egin?: Alfonso XIII.a bezala pornografia-filmak burutu, ala Chichiolina eta Colouche-k bezala alderdi politiko bat montatu? ...

Izan ere, Malebranche'ko Nikolasek zioenez, Pentsatzen ez den pentsamendu bat da Kosmosa, pentsatzen den pentsamendu batetik zintzilik.

Eta Zentru zentral honetan jota makaladerua edo makailu joteroa asmatzea ezinezkoa zaigunez, zenbait sujetu behintzat komun-katilu erraldoi batean sartu eta katetik zintzilikatuko ginateke.

EEBBetan fusil gehitxo eta hildako ugari.

Far West-aren ondorio dira frankotiratzaileak, euren konstituzioak babestuak gainera.

Gobernu harentzat beste inkixixio batzuetan (terrorista eta narkotrafikanteen salaketan) ere lan egiten duen Charlton Heston aktorea da armen erabilera libreegiaren aldeko elkartearen buru.

Eta elkarte horrek mereziko luke berriro duela urte batzuk egin zitzaien aurkako kanpainaren pareko beste bat.

O.K. Erriflearen Elkarte Nazionala: orain begira ezazue gure ikuspuntutik, zioen leloak eta frenu polita izan zen.

Erretzea/ez erretzea: Puri-purian dago eztabaida hau.

Izurriteak jota dirudigu erretzaileok.

Hamaika entzun ditugu: txikitan hatza zupatzen omen genuen (freudianoek diotenez titiburua) eta horren ordezkoa omen erretzea.

Hitlerrek ez zuen erretzen. Stalinek bai.

Hamaika gauza esan dira medietan. Bitor Moreno azkarrak Gara-n botatakoak bai izan direla mundialak.

Nikotina badu, edozer tabako-labore-mota erreko genuekeen erretzaile amorratuoi ere grazia egiten digu txisteak:

-Batek: Erre nahi duzu? Besteak: Zuretik arnasten dudanarekin nahikoa!

Arrazismoaren gorakada dela eta badirudi arrazista hutsak izan garela historikoki euskaldunok.

Bada, ez da hori ere. Gogoan ditugu bai Durangoko ijitoak, bai eta Nafarroako agoteak, baina ez da ohizkoa izan beti.

Gogoratu, adib., Tuteran-eta pakean bizi izan zirela elkarrekin judu-mairu eta kristauak (hemendik mundu guztia pasa da eta gezurra da Labordeta mañoak dioena: Araba ezik ez ginela erromanizatuak izan, eta oso itxian bizi izan garela; nahaste historiko ikaragarria omen dugu, historia faltsuaren bertsio bat irakatsi ei digute, e.a., e.a., Andalan-en garaietatik ere aldatu da Labordeta bordea, TVEren urdail eskertu hori...); gaskoi eta kanpotar abizen eta lekuizen ugari direla gurean; eta kastillano eta besteri besterik ez zaiela eskatu: euskara ikastea.

Eta behin euskaldunduz gero aski: nahiago ditugula, esaterako, Terradillos edo Ramirez de la Piscina ugari euskaldun, ezen eta ez 16 abizen euzkotarreko erdaldun petoak.